Printzerri
| Politika |
|---|
Printzerria gobernu era bat da, estatuburua printze bat duena. Gobernu eredu hau oso hedatua egon zen Erdi Aroan[1] eta Aro Modernoan, XV. mendetik XVIII. mendera bitartean. Erdi Aroan, printzerriak metropoliaren mende zeuden eskualde txikiak ziren, politikoki.[2]
Historikoki, printzerriak Erdi Aroan sortu ziren sistema feudalaren parte gisa, tokiko printzeek botere nabarmena hartzen baitzuten, erregearen mendean bazen ere. Egoera horren eraginez, zatiketa politikoa ez zik miniestatuak sortzeko baldintzak sortu ziren. Denborarekin, printzerri hauetako asko erresuma eta inperio handiagoetan finkatu baziren ere, beste batzuk, aldiz, independentziari eutsi eta aurrera egin zuten.[1]
Gaur egun dauden printzerri subiranoak Liechtenstein, Monako eta Andorrako koprintzerria dira. Gainera, errege jarraitasun lerro batzuetan, lehensortuak printzerri izena daramate, hala nola Espainiako Asturiaskoak, maila sinbolikoan bada ere. Era berean, termino hau, errege batena baino maila apalagoko monarka batek, hala nola duke handi batek, gobernatutako monarkia txikiak izendatzeko ere erabiltzen da.[3]
Printzerriek zeregin garrantzitsua izan zuten Europako historian, batez ere Germaniako Erromatar Inperio Santuaren barruan, eta ospea galdu zuten XIX. eta XX. mendeetako nazionalismoaren garapenarekin.[4] Printzerriaren kontzeptua ere zenbait eratara aplikatu izan da eskualde eta aldi historiko desberdinetan.[5]
Erresumak eta printzerriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresuma bat eta printzerri bat bi lurralde gobernantza mota dira, baina desberdinak dira haien egitura politikoan, eskalan eta gobernarien izaeran. Alabaina, biak dira gobernantza eredu historikoak dira, ezaugarri batzuk partekatzen dituztenak, hala nola boterea zentralizatzea eta hautapen demokratikorik gabeko agintaria izatea sistema politikoaren buruan.
Definizioa eta irismena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresuma bat, gehienetan, izaten da monarka batek edo familia gobernatzaile batek lurralde espezifiko baten gainean daukan kontrola edo boterea. «Erresuma» terminoa ez dago nahitaez gobernu mota jakin bati lotuta, baizik eta monarka jakin baten erregealdia aipatzen du. Erresuma batek inperio bat, lurralde bat edo teokrazia bat ere har dezake, eta asko alda daiteke tamainari eta botereari dagokienez.[6]
Printzerri bat, aldiz, lurralde txikiago eta erdi autonomo bat da, edo printze batek gobernatutako estatu bat. Termino hau askotan erabiltzen da erresumak edo inperioak baino eskualde edo estatu txikiagoak deskribatzeko. Printzerri bateko monarkari printze edo printzesa deitzen zaio, eta printzerri baten tamaina aldagarria izan daiteke, hiri-estatu txiki batetik eskualde potentzia handiago batera joan daiteke. Printzerri baten gobernua, oro har, aginte esparru mugatuago batek ezaugarritzen du, erresuma batekin alderatuta.[6]
Tamaina eta boterea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresuma edo inperio baten tamaina eta boterea asko alda daiteke. Erresuma bat inperio handi bat izan daiteke, Erromatar Inperioa izan zen bezala, edo erresuma soil bat, Frantziako Erresuma izan zen bezala. Inperioak printzerriak baino askoz handiagoak izan ohi dira, eta, sarritan, eskualde edo kontinente ugari hartzen dituzten populazio eta lurralde anitzak izaten dituzte.
Aitzitik, printzerri bat askoz txikiagoa da. Historikoki, printzerriak maiz erresuma edo inperio handiago baten barruan mendeko edo lurralde erdi autonomo izan zitezkeen estatu txikiagoak ziren. Adibidez, Monakoko Printzerria Mediterraneoko kostaldean dagoen estatu subirano txiki bat da, bere gobernu propioa duena, baina Frantziako Erresuma izan zenarekin alderatuta txikiagoa eta eragin apalagokoa izan da beti, Monako historikoki harekin lotuta egon baita.[6]
Gobernariak eta tituluak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresumak zein printzerriak gobernatzen dituztenak monarkak dira, baina haien tituluak desberdinak dira. Erresuma batean, estatuburua errege edo erregina izan ohi da, eta monarkak botere maila aldagarri bat izan dezake, sistema politikoaren arabera, ez baita berdin monarkia absolutu bat edo monarkia konstituzionala bat. Erresuma bat dinastia batek gobernatu ohi du, eta tronua oinordetza hereditarioz igaro ohi da, ez inolako sistema demokratiko baten bitartez.[4]
Printzerri batean, agintaria printze bat izan ohi da, eta tituluak ez du errege baten tituluaren botere maila bera izaten. Printzerrietako agintariek, oro har, erregeek baino aginpide txikiagoa dute eta eremu geografiko mugatuago batean erabil dezakete boterea. Liechtensteingo printzea gaur egun printzerri txiki bat gobernatzen duen printze baten adibidea da. Nahiz eta printzerriak burujabetza izan, printzearen botereak sinbolikoak edo zeremonialak izaten dira sarritan, bereziki printzerri konstituzionaletan.[4]
Erresuma adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adibide historiko ugari daude erresumetan, inperio zabaletatik hasi eta erresuma txikietaraino. Frantziako Luis XIV.aren erregealdia, esate baterako, erregealdi luze eta boteretsu baten adibide ikonikoa da. Luis XIV.ak botere politikoa zentralizatu zuen Frantzian, monarkia absolutua ezarriz. Bere erregealdiak 70. hamar urte baino gehiago iraun zuen, 1643tik 1715era, eta garai hartan Frantzia Europako naziorik boteretsuenetako eta eraginkorrenetako bat izan zen.[7]
Antzera, Viktoria erreginaren erregealdia Britainia Handian (1837-1901) Britainiar Inperioaren gailurra markatu zuen, historiako inperiorik handiena bihurtu baitzen. Viktoria erreginak britainiar lurraldeen hedapen zabala gainbegiratu zuen munduan zehar, inperioa munduko politikan indar nagusi bihurtuz.[8]
Printzerri adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Printzerriak erresumak baino askoz txikiagoak izan ohi dira lurraldez, eta, oro har, autonomia politikoa lortzeko aukera gehiago dagoen eskualdeetan aurkitzen dira. Monakoko Printzerria izan daiteke horren adibide: tamaina txikia izan arren, bere gobernu, lege- sistema eta armada propioak ditu. Monakoko printzeak, botere sinbolikoaz gain, botere exekutibo batzuk ere baditu, nahiz eta gobernuaren zati handi bat Frantziako estatuko funtzionario hautetsiek kudeatzen duten.[9]
Liechtensteingo Printzerria, Suitza eta Austria artean kokatua, beste adibide bat da. Itsasorako irteerarik gabeko estatua da, 38.000 biztanle inguruko biztanleriarekin. Liechtensteingo printzeak botere politiko esanguratsua du, nahiz eta herrialdeak monarkia konstituzional baten pean jarduten duen: printzeak zeregin nagusia betetzen du kanpo politikan, eta eguneroko gobernantza sistema parlamentario baten esku dagoen.[10]
Printzerriak aro garaikidean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaur egun, Europan printzerri hauek daude: Liechtenstein, Monako eta Andorra. Arrazoi historikoengatik, Asturiasko Printzerriaren Espainiako autonomia-erkidegoaren izen ofizialaren eta Galesko Printzerriaren nazio eratzaile britainiarraren izendapen estraofizialaren parte ere bada. Espainiako eta Erresuma Batuko koroen oinordekoek Asturiasko printzearen eta Galesko printzearen tituluak dituzte, hurrenez hurren.
Beste printzerri historiko batzuk ere daude, hala nola Kataluniako Printzerria, Aragoiko Koroaren garaian izen hori jaso zuena eta XIX. mendera arte erabat indarrean egon zena. Hala ere, Espainiako probintzia banaketa egin zenean 1833an, Asturiasko Printzerria baino ez zen aipatzen.[11]
XXI. mendean, hiru estatu burujabe daude printzerri mailarekin, hau da, printze bat estatuburu dutenak. Hauek dira:
Andorra edo Andorrako Printzerria
Liechtenstein edo Liechtensteingo Printzerria
Monako edo Monakoko Printzerria
Gainera, bi eskualde historikotan ohorezko titulu gisa gordetzen da, bi estatu monarkikoren zati gisa, printzea Estatu bakoitzaren tronuen oinordekoa delarik. Hauek dira:
Printzerriak historian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antiokiako Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antiokiako Printzerria Lur Santuko Gurutzatuen estatuetako bat izan zen. Lehenengo Gurutzadan, Bohemundo I.a Antiokiako printzeak kanpaina militar arrakastatsu bat egin zuen musulmanen aurrerapenaren aurrean Bizantziok galdu zituen lurraldeak berreskuratzeko. Alabaina, Antiokia hartu zuelarik, bere kanpaina amaitu ondoren, Bohemundok lurraldea atxiki zuen, printzerri bat sortzeko.[12]
Capuako Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Capuako Printzerria de facto estatu independente bat iza zen, batzuetan Bizantziar Inperioaren edo Germaniako Erromatar Inperio Santuaren menpe, Italiako hegoaldean, VIII. eta XII. mendeen artean. Bere hiriburu izenkidea Capua hiria izan zen.[13]
Kataluniako Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kataluniako Printzerria Aragoiko Koroaren garaian sortu eta XIX. mendera arte erabat indarrean egon zen. Espainia probintzietan banatu zenean,[11] 1833an, desagertu zen.[14]
Galileako Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galileako Printzerria Jerusalemgo Erresuma Latindar gurutzatuko lau jaurerrietako bat izan zen. Printzerria bera Tiberiade inguruan eratu zen, Galileako itsasoaren ertzean, baina menpekoen lurraldeak gehituta, printzerriak Galilea osoa eta hegoaldeko Fenizia (gaur egun Libano) hartu zituen. Printzerriak bere menpekoen artean Beirut, Nazaret eta Haifako dukerriak izan zituen, askotan beste hiri eta herri kopuru izugarria izan zutenak haien menpe. Sidongo hiri independentea Galileako lurren erdian egon zen.[15]
Vianako Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vianako Printzerria Karlos III.a Nafarroakoak sortu zuen, 1423ko urtarrilaren 20an, Nafarroako Erresumaren oinordeko zen Karlos Trastamarakoa bilobarentzat. Titulua gaur egun ere erabiltzen da, eta Espainiako Erresumako erregetzaren oinordekoak jasotzen du.[16]
Gironako Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gironako Errege Printzerri Komunitarioa X. mendetik XX. mendera bitarte luzatu zen.[17] Titulua gaur egun ere erabiltzen da, eta Espainiako Erresumako erregetzaren oinordekoak jasotzen du.
Kieveko Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kieveko Rusa edo Printzerria ekialdeko eslaviarren lehen estatua izan zen, Kiev hiritik (orain Ukrainan) zuzentzen zena, gutxi gorabehera 880tik X!!. mendearen erdialdera arte. Vladimir Handiaren (980-1015) eta haren seme Yaroslav I.a Jakitunaren (1019-1054) erregealdiek aro oparo bat ekarri zuten, kristautasun ortodoxoaren onarpena eta eslaviar hizkuntza batean idatzitako lehen kode legala, Russkaya Pravda, ezagutu zituena.[18]
Lucca eta Piombinoko Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lucca eta Piombinoren Printzerria 1805eko ekainaren 23an eratu zen, Napoleon Bonaparteren arreba Elisa Bonaparteri eta bere senar Felice Baciocchiri esleitu zitzaiena.[19]
Moskuko Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Moskuko Printzerria Errusiako estatuaren izena izan zen XIV. eta XVI. mendeen artean. Moskuko Printzerri Handia, errusiar dokumentuetan ezagutzen den bezala, Kieveko Rusaren ondorengoa izan zen bere iparraldeko lurraldeetan eta Errusiar Tsarerriaren aurrekoa, aldi berean Errusiar Inperioaren aurrekoa.[20]
Orangeko Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orangeko Printzerria Germaniako Erromatar Inperio Santuko feudoa izan zen, 1173an Orangeko konderritik sortua. 1431tik 1544ra independentea izan zen eta ordutik Frantziako Erresumako kide izan zen. Azkenik, 1713an desegin zen, Utrechteko Itunaren arabera.[21]
Pindoko Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mazedoniako Pindoko eta Voivodíako Printzerria estatu autonomo bat izan zen, Bigarren Mundu Gerran, Italiaren kontrolpean. Pindo eskualde menditsua da Iparraldeko Grezian eta Albaniako nahiz Ipar Mazedoniako hegoaldean, eta aromaniar, megleno-errumaniar eta mazedoniar jendeak bizi dira bertan.[22]
Serbiako Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Serbiako Printzerria 1815-1882 bitartean izaera ukan zuen estatu bat izan zen. Serbiako bigarren matxinadaren ondoren sortu zen eta 1882ra arte iraun zuen, Serbiako Erresuma aldarrikatu zen arte.[23]
Sperlingako Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sperlingako Printzerria 1597-1658 bitartean izaera ukan zuen estatu txiki bat izan zen. Giovanni Natolik sortu zuen, Sperlinga herrian, Siziliako Ennako probintzian.[24]
Tarragonako Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tarragonako Printzerria izen hartu zuen Oleguer Bartzelonako apezpikuak 1128an Robert d'Aculley normandiar zaldunari emandako gobernu feudalak, Erramun Berenger III.a Bartzelonako kondeak egindako dohaintza gisa. Helburua izan zen Tarragonako egoitza zaharreko lurrak eta inguruko landa ingurunea birpopulatu eta emankor bihurtzea, musulmanen okupazioaren ondoren biztanlerik gabe geldituak baitziren.[25]
Oleguer Bartzelonakoa hil zenean, dohaintzak berriro hitzartu behar zirenez, haren ondorengo apezpiku Bernardo Tortek beste lagapen baldintza batzuk proposatu zituen, baina Robert d'Aculley ez zen bat etorri hitzarmen horrekin. Horrela, Leon IX.a aita santuaren onespenarekin, lurraldeak berriro Erramun Berenger IV.a Bartzelonako kondearen mendera itzuli zuen 1151. urtean.[26]
Vladimir-Suzdalgo Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vladimir-Suzdaleko Printzerria edo Vladimir-Suzdaleko Rusa Kieveko Rusaren ondorengo printzerri handienetako bat izan zen, eslaviar potentzia nagusi bezala XII. mendearen amaieratik XIV. mendearen bukaera arte. Errusiar hizkuntzaren eta naziotasunaren sorlekutzat hartu izan da tradizionalki, eta pixkanaka eboluzionatu zuen, Moskuko Printzerria bihurtu arte.[27]
Sedango Printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sedango Printzerria (frantsesez: Principauté de Sedan) Ardenetako Sedango gazteluan kokatutako estatu protestante independente bat izan zen. La Marck eta La Tour d'Auvergne familia nobleen kide Sedango printzeak gobernatzen zuen.[28]
Germaniako Erromatar Inperio Santuko eliz printzerriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Germaniako Erromatar Inperio Santuaren garaian, printze-artzapezpiku eta printze-apezpiku asko izan ziren. Horien artean daude, bestek beste, Salzburgo, Mainz, Kolonia, Magdeburg, Ratisbona, Lieja, Basilea, Cambrai, Metz, Verdun, Geneva, Lausana, Trento, Utrecht edo Olomouc.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Ganshof 1979.
- ↑ (Ingelesez) Latham, Andrew. (2025-05-27). «The Medieval State: Kingdoms, Principalities, Communes, and Leagues Explained - Medievalists.net» Medievalists (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-04).
- ↑ Eccardt 2005.
- 1 2 3 Tilly 2005.
- ↑ Anderson 2006.
- 1 2 3 Hale 1985.
- ↑ Le Goff 1982.
- ↑ (Ingelesez) Amstein, Walter L.. (1998-04). «The Warrior Queen: Reflections on Victoria and Her World» Albion 30 (1): 1-28. or. doi:. ISSN 0095-1390. (kontsulta data: 2026-05-06).
- ↑ (Frantsesez) «Traité du 24 octobre 2002 destiné à adapter et à confirmer les rapports d'amitié et de coopération entre la République Française et la Principauté de Monaco» Legimonaco (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-06).
- ↑ (Alemanez) «Verfassung des Fürstentums Liechtenstein vom 5. Oktober 1921» Gesetzesdatenbank des Fürstentums Liechtenstein (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-06).
- 1 2 (Gaztelaniaz) «Real decreto sobre la división civil de territorio español en la Península e islas adyacentes en 49 provincias y estableciendo los subdelegados de Fomento en las provincias del reino.» Gaceta de Madrid 1833-12-03 (kontsulta data: 2026-05-06).
- ↑ (Ingelesez) Buck, Andrew D.. (2017). «Politics and diplomacy in the Latin East: The principality of Antioch in historiographical perspective» History Compass 15 (9) doi:. ISSN 1478-0542. (kontsulta data: 2026-05-06).
- ↑ (Italieraz) «Capua, da gioiello della Roma Repubblicana a Capitale del Principato» Vesuvio Live (web.archive.org) 2018-01-07 (kontsulta data: 2026-05-06).
- ↑ (Katalanez) Udina i Martorell, Frederic; Udina i Abelló, Antoni M. (1986). «Consideracions a l’entorn del nucli originari dels “Usatici Barchinonae”» Estudi General 5: 87-107. or. ISSN 0211-6030..
- ↑ (Ingelesez) Edbury, P. W. (1997). John of Ibelin and the Kingdom of Jerusalem. Woodbridge: Boydell Press (archive.org) ISBN 978-0585257525. OCLC .45732821.
- ↑ (Gaztelaniaz) Redero San Román, Manuel; de la Calle Velasco, María Dolores. (2008). Castilla y León en la historia contemporánea. Salamanca: Ediciones Universidad de Salamanca ISBN 978-8490122013. OCLC .847621011.
- ↑ (Katalanez) Sans, Jaume Riera i. (1987-01-11). «El dalfinat de Girona (1387-1388)» Annals de l'Institut d'Estudis Gironins: 105-128. or. ISSN 2339-9937. (kontsulta data: 2026-05-06).
- ↑ (Ingelesez) Meyendorff, John. (2010). Byzantium and the rise of Russia: a study of Byzantino-Russian relations in the fourteenth century. Cambridge: Cambridge University Press (archive.org) ISBN 978-0521135337. OCLC .520729267.
- ↑ (Italieraz) «L'Ordinamento del Principato di Lucca e Piombino» Palazzo Ducale (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-06).
- ↑ (Ingelesez) Dukes, Paul. (1998). A history of Russia: medieval, modern, contemporary, c. 882-1996. Durham: Duke University Press ISBN 978-0822320821. OCLC .36930638.
- ↑ (Frantsesez) Porte, Rémy. (2008). «L’héritage de la principauté d’Orange. Enjeu entre le protecteur des Provinces-Unies et le roi de France:(ou pourquoi les loyalistes d’Ulster se reconnaissent comme Orangistes)» Revue Historique des Armées 253 (4): 14-21. or. doi:. ISSN 0035-3299. (kontsulta data: 2026-05-06).
- ↑ (Ingelesez) Koliopoulos, Giannēs S. (1999). Plundered loyalties: Axis occupation and civil strife in Greek West Macedonia, 1941-1949. London: Hurst & Co. ISBN 978-1850653813. OCLC .42214742.
- ↑ (Ingelesez) Rastović, Aleksandar. (2020). War, peace and nation-building (1853-1918). Belgrade: The Institute of History - Sapienza University of Rome ISBN 978-8677431402. OCLC .1273407974.
- ↑ (Italieraz) Spucches, Francesco San Martino De; Gregorio, Mario. (2013). La storia dei feudi e dei titoli nobiliari di Sicilia dalla loro origini ai nostri giorni - Volume settimo ristampa 2013. New York: Lulu ISBN 978-1291385298. OCLC .1202060007 (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ (Ingelesez) McCrank, Lawrence J. (1981). «Norman crusaders in the Catalan reconquest: Robert Burdet and the principality of Tarragona, 1129-55» Journal of Medieval History 7-1: 67-82. doi:. ISSN 0304-4181. (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) Hernandez, Buenaventura; Morera, Francisco. (1865). Descripción histórica de las estatuas, medallones, bajos relieves y bustos que adornan el frontispicio del palacio de las corporaciones Diputación provincial y Ayuntamiento de Tarragona. Puigrubí i Arís (kontsulta data: 2026-05-08).
- ↑ (Ingelesez) Feldbrugge, F. J. M. (2017). A history of Russian law: from ancient times to the Council Code (Ulozhenie) of Tsar Aleksei Mikhailovich of 1649. Leiden: Brill ISBN 978-9004352148. OCLC .1132042928.
- ↑ (Frantsesez) Aubert de La Chesnaye Des Bois, François-Alexandre (1699-1783); Badier, Jacques. (1863-1876). «Dictionnaire de la noblesse : contenant les généalogies, l'histoire et la chronologie des familles nobles de France. Tome 1 / par de La Chenaye-Desbois et Badier» Gallica - BnF (kontsulta data: 2026-05-08).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Anderson, Benedict R. (2006). Imagined communities: reflections on the origin and spread of nationalism. London: Verso ISBN 978-1781683590. OCLC .1045629702.
- (Ingelesez) Eccardt, Thomas M. (2005). Secrets of the seven smallest states of Europe: Andorra, Liechtenstein, Luxembourg, Malta, Monaco, San Marino, and Vatican City. New York: Hippocrene Books (archive.org) ISBN 978-0781810326. OCLC .61229834.
- (Ingelesez) Ganshof, F. L. (1979). Feudalism. London: Longmans (archive.org) ISBN 978-0582482166. OCLC .619195588.
- (Ingelesez) Hale, J. R. (1985). War and society in Renaissance Europe, 1450-1620. Leicester: Leicester University Press (archive.org) ISBN 978-0718512248. OCLC .12246098.
- (Frantsesez) Le Goff, Jacques. (1982). La Civilisation de lÓccident médiéval. Paris: Flammarion (archive.org) ISBN 978-2080810472. OCLC .36985473.
- (Ingelesez) Tilly, Charles. (2005). Coercion, capital, and European states, A.D.990-1992. Oxford: Basil Blackwell (archive.org) ISBN 978-1557860675. OCLC .482619994.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Italieraz) Principato, Dizionario di Storia (2011)